Nondik hasi:
Ez baita erraza bidea eten egingo dugula esatea. Baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak.
Asko bizi izan dugu elkarrekin. Nork esango zigun horren ederra izango zela Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea, Euskal Herri osoan barrena edota euskara entzuten ez den txoko askotara eraman gaituen bide hau.
Eta bidelagun, zuek guztiak. Hori ederrena, edo gehien asebete gaituena.
Baina bide orok nekea ere eragiten du, aldapen gorabehera horretan. Arnasa hartu eta indarberritzeko astia behar dugu orain.
Argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen.
Nola bukatu badakigu: geratzen zaigun kontzertu bakoitza azkena balitz bezala gozatuz. Zuekin guztiokin, eta zuentzat guztiontzat.
Hain zuzen, izen hori jarri diogu agurrerako antolatu dugun kontzertu bereziari: ‘Azkena balitz bezala’. 2024ko otsailaren 3an izango da, Miribillan. Laster emango dizkizuegu xehetasun guztiak.
Bitartean, hartu bi muxu eta gero arte.
Huntza Taldea
Utzi erantzuna